Albisteak

 

Proiektu hau Hirigintza Saileko teknikariek hasiera batean aurkezturikoa baino anbiziotsuagoa da, zeren eta, inguruko auzokideen ekarriek aldaketak ekarri baitituzte. Honek guztiak aurrekontua bikoiztea ekarri badu ere baina urbanizazio-lanak osotuagoak eta integralagoak izango dira. Gaineratu beharra dago, bestetik, Lope de Vega kalean eta Abaro etorbidean ere jarduketak egingo direla.

Horretaz gain, aipatu ere egin behar da Danok Bat kaleko urbanizatze-lanen bigarren aldiaz ere lanean dihardugula. Datorren urtean, hain zuzen ere, ekingo diegu obra horiei. Ildo beretik, Martín Fernández Villarán kalea urbanizatzeko proiektuaz lanean ari garela azaldu behar dugu. Egia esan, asmoa da inguru hori ekonomia-jarduera handiko kale nagusia bihurtzea Zubi Alde kiroldegian kokatzen ari diren ekimen berrien bultzadari esker. Ekimenok asko dira, besteak beste: erromesentzako aterpea, ikasgelak, musika-eta arte-jarduerak eta kirol-jarduerak. 

KALEKO IRISGARRITASUN-ARAZOAK

Eskaileradun bidea

Danok Bat kaleak 8., 10. eta 12.atarietan sartzeko eskaileradun bidea du. Gainera, atarietan sartzeko plataformen eta errepidearen arteko maila-komunikaziorik ez dago. Hori dela eta, herritar askok dute hara sartzeko zailtasun handirik, hala nola nagusiek, mugikortasun urrikoek, larrialdi-zerbitzuetakoek eta abarrek.

Trintxera-efektua

Lehen aipaturikoen aurreko espaloiak (zenbaki bakoitiak) galtzadarekiko trintxera-efektua egiten du, alegia, aldapan edota pendizean. Hori gutxi balitz bezala, espaloiak ez dauka gurpildun aulkidunak edo haurren orga daramatenak eroso eta behar bezala pasatzeko adinako neurririk. Ildo beretik, autoak baterian aparkatuta espaloi txikiari are toki handiagoa hartzen diote.

Errei estuak

Udala aspalditik dabil Abaro etorbideko oinezkoen pasabideari irtenbide bat eman nahian. Izan ere, zirkulazio nagusietako erreien eta Bizkaia kaletik sartzen diren erreien arteko desnibela konpontzeko ertaineko maila du pasabideak. Erreiok azken tartean estutu egiten dira nabarmen, ibilgailu handiak handik pasatzen direnean batik-bat sarbidea oztopatzen dutelarik.

PROPOSATUTAKO KONPONBIDEAK

ESPALOIAK ETA ARRAPALA PARALELOAK

Egun dagoen ibilbideak (Danok Bat kaleko fatxadaren aldamenekoa, 8., 10. eta 12. zenbakiak) bere horretan jarraituko du. Asmoa da espaloi eta arrapala paraleloak eraikitzea, pendize egonkor eta leunekoak, zabalera libreko bi metrokoak, hain justu ere.

Ibilbide biek elkarren arteko lotura izango dute. Horretarako, hiru arrapala egongo dira,atarietan eta dendetan sartzeko plataformen altueran ibilbide biak lotuko dituztenak.

Arrapalen arteko erdiguneetan lorategiak paratuko dituzte eta bertan LED teknologiadun kale-argiak kokatuko dituzte.

ESPALOIA ZABALAGOTZEA

Zenbaki bakoitietako espaloia zabalagotuko da arautegi berriei jarraiki herritarrei irisgarriago suerta dakien. Orobat, kaleko pendize trintxeraduna ere konponduko da tarteen artean maila bera egoteko eta euritako urak behar bezala biltzeko xedez.

Lope de Vega kalearekin bat egiten duen tokian, oinezkoen pasabide goratu bat egongo da eta beste bat, goiko partean, espaloien arteko gurutzaketan (Abaro etorbideko 18. zenbakidun eraikineko atzeko izkina), pendizea handiagoa da eta.

OINEZKOEN PASABIDE BERRIA

Abaro etorbideko oinezkoen pasabide eskaileraduna kendu egingo da. Haren ordez, zeharo irisgarria izango den beste pasabide berri bat eraikiko da. Helburua hori delarik, Danok Bat kalearen aldameneko Abaro etorbideko espaloia aldatu egingo da. Hori horrela,batetik, Bizkaia kaletik igotzen diren autoak errazago pasako dira eta, bestetik, Abaro etorbideko oinezkoen pasabidea eraikiko da. Horrek guztiak semaforoak eta bide-seinaleztapenak tokiz aldatzea dakar berekin.

URBANIZATZE-LAN OSOA

Urbanizatze-lanak oso-osokoak direla ere esan behar da. Horrek esan nahi du urbanizatzea integrala dela, zeren eta, kaleko argiteria-instalazio guztiak,argindarra, ur edangarriaren sarea, saneamendu-sarea, gas- nahiz telekomunikazio-ubideratzeak berritu eta ordeztu egingo baitira.

Guztira hauexek izango dira: 1.240 metro koadroko jarduketa-eremua, irisgarritasun guztizkoa izateko arrapaletako 114 metroko baranda, altzairu herdolgaitzezkoa, LED teknologiadun lau kale-argi, hiru zakarrontzi eta 59 mutiloi espaloia eta galtzada elkarretatik bereizte aldera.

Aurrekontua: 375.000 euro
Lanen hasiera: 2018ko uda
Lanen iraupena: 5-6 hilabete.

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00