Albisteak

 

Portugaleteko Udalaren Euskara Zerbitzuak euskarazko irakurzaletasuna eta sormen literarioa bultzatzeko xedez Mikroipuin Festa antolatu zuen.

Ekimen honetan hamabi ikastetxetako, institututako eta euskaltegitako ikasleek hartu dute parte; guztira, 560 lagunek hain zuzen ere. Kontuan hartzekoa da Santa Maria, Ruperto Medina, Antonio Trueba, Zubeldia, Gabriel Celaya, Nuestra Señora del Carmen, Astileku eta Ballonti ikastegien eta herriko euskaltegien parte hartze handia eta, halaber, irakasleek funtsezko lana egin dutela parte hartze maila nabarmentzeko modukoa izan dadin.

Irabazleak eta haien ipuinak hauxek izan dira:

Noa Conde  (Antonio Trueba)
Egun batean, ume batek bere aitarekin kometa bat egin zuen. Biak Muskizeko hondartzara joan ziren, bertan estreinatzera. Bat-batean ekaitz handi batek kometa eraman zuen eta  zuhaitz batean zintzilikaturik geratu zen.  Aita eta umea kometa hartzen saiatu arren, ez zuten lortu eta handik gutxira haize gogor batek kometa eraman zuen Portugalete aldera.
Haurrak bere disgustua amari komentatzen zion bitartean,  leihoan zarata bat entzun zuten. Bertara joan eta arropa esekitokiari lotuta aurkitu zuten kometa. Umeak kometari besarkada handi bat eman ondoren, lagunei deitu  zien kometarekin jolasteko.  Oso arratsalde polita egin zuten.

Nerea Alaña (Santa María)
Bazen behin, emakume bat, inoiz ikusi ez dudan emakumerik ederrena. Beti zebilen pozik, bera ailegatu zen arte. Beti ikusten nuen pozik bere etxeko egoera irribarre eder baten atzean ezkutatuz.
Egunak pasa ahala, oihuak areagotzen joan ziren, bere irribarre ezabatzen zen heinean. Beti gauza bera gertatzen zen etxera ailegatzean eta nahigabe errutinaren morroi bilakatu zen. Mundua gainean zetorkiola sentitzen zuen, kateak askatu zituen arte.
Berak aske hegan nahi zuen, guztia utzi, baina zerbait zegoen mundu honetan uztea eragozten ziona. Mundu honetara zegoen lotuta, kometa bere harira bezalaxe, hemendik ihes egiteko haize bultzadaren zain. Askatasuna berarekin hasten zela zen ez zekien bakarra.

Enzo Fernández (Ballonti)
Egun haizetsua, nire kometa zaharra zelai batera atera dut hegan egin dezan.
Goibel dago, nire eskuari soka batez lotuta. Bat-batean, soka apurtu eta zerurantz abiatu da. Haize bolada gogorrak direla eta, gero eta altuago dago, aldi berean, gero eta pozago eta disdiratsuago. Kometaren izaera aldatzen ari da. Espaziora heltzean, ohiala zena, jadanik hautsa bihurtu da. Eguzkiaren inguruan orbitatzen dabil. Hortaz, kometa ez da inoiz gehiago neurea izango, baina bai, ordea, askea.

Jon Angulo (Udal Euskaltegia)
Badira hiru urte aitona hil zenetik, baina joan aurretik bota zidan irribarrea ez dut inoiz ahaztuko. Gau hartan, paseatzen nenbilela, zerua zeharkatzen zuen zerbait ikusi nuen. Zientzialariek egun eta hiru urtetik behin Lurrera hurbiltzen zen kometa bat zela zioten eta nik ez nion garrantzirik eman. Gaur arte. Gaur goizean amama hil dela jakinarazi didate. Medikuen arabera, pozik zegoen eta “berarekin joango zela” zioen. Orain, zeruan aitona hil zenean agertu zen kometa toki berean dago eta bere atzetik, bigarren bat. Hilda egon arren, bizitza osoan nahi izan dudan oparia eman didazue: betirako nire alboan egotea.

Amaya Ruiz (Xaribari AEK Euskaltegia)
Nire garaia iragan da.
Parkean beti egunak pasa eta beti bakarrik.
Inor ez nirekin jolasteko.
Jendea albotik pasa eta kasurik ez.
Ez dut ezertarako balio.
Ez dibertigarria, ez berritzailea.
Nire garaia pasa da.
Amore ematear nagoela,
Ostikada bat sentitu dut nire oihal koloretsuan.
Eskerrak!
Ume txikiak sakelakoa alde batera utzi du.
Biok hegan eta hegan egin dugu.
Zelako plazera gaur egun kometa izatea!

Horretaz gain, parte-hartzaileen artean zozketa bat egin genuen eta hainbat liburu banatu genituen.

Sari banaketa abenduaren 28an (ostirala) 12:00etan egin genuen udaletxeko batzar aretoan.

 

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00