Albisteak

 

Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalek, euren Euskara zerbitzuen bitartez, kanpaina bat jarri dute abian, herrietako arrandegietan euskararen erabilera sustatzeko xedez.

Horrela, bada, udalek euskarriak eta baliabideak eskaintzen dituzte, euskarak herrian presentzia handiagoa izan dezan. Oraingo honetan, hizkuntza paisaian eragin nahian, arrain eta itsaskien irudiak eta izenak euskaraz eta gaztelaniaz dituen kartel bat banatu dute. Kartela arrandegietan erakusteko da, hots, bezeroen begi- bistan jartzeko eta, horrela, arrain-itsaskien izenak hizkuntza ofizial bietan ezagutzera emateko.

Guztira, Portugaleteko 18 arrandegik eta Sestao eta Santurtziko beste hainbestek jaso dute materiala. Esan bezala, aipatutako udalen euskara zerbitzuek antolatu dute kanpaina hau, urteak baitaramatzate lanean udalerrien hizkuntza normalizazioaren alde lanean eta iaztik, Barakaldoko Euskara Zerbitzuarekin batera, lankidetzan ere bai Ezkerralde osoari dagozkion gaietan.

Arrandegietan begi onez hartu dute ekimena, kartelak, euren saltokietako produktuen irudi ikusgarriak erakutsi ez ezik, hizkuntza paisaia euskaldundu ere egiten duelako.

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00