Albisteak

 

Portugaleteko Udalak abian jarriko du jokoarekiko eta lineako apustuekiko mendekotasuna prebenitzeko lehen kanpaina instituzionala. Izan ere, sentsibilizazio-deia da hutsalak diruditen apustuek pertsonari eta bere ingurukoei dakarzkieten arriskuez ohartarazteko. Ezin diogu horri iskin egin, pertsona batzuk beren bizitza jokoan jartzen ari baitira pantaila batean klikatuz. Gehienetan jokalaria ez dago oharturik mendekotasun horrek berekin ekar diezazkiokeen ondorio errealez, hau da, egiatan "jokoan dagoen guztiaz". 

Lineako apustuak mendekotasun bihurtuta, jokoan dagoena haratago doa, zeren eta, gehien maite duzuna arriskutan jartzeraino ere hel baitzaitezke, alegia, zure familia, etorkizuna, ongizatea eta ikasketak. Hori guztia jokoan aritze soilagatik. Dakigunez, jaiotzen garenetik aritu gara jolasean baina testuinguru naturaletik aterata, arazo bihurtzen da zerbait dibertigarria izan gabe. 
 
Horren karietara, sentsibilizazio-kanpaina honek helburu du herritarrei arreta deitzea JOKOAN dagoenaz ohartarazteko, gazteei batik bat azpimarra jartzen diegularik. Horiek horrela, XXI. mendeko droga berritzat hartutako lineako jokoak eta kirol-apustuek ekar ditzaketen arrisku eta ondorio arriskutsuez ohartuko dira herritarrak. Kanpaina kontzeptuala dugu, mezu argi bezain zuzena duena: LO QUE ESTÁ EN JUEGO ERES TU. APUESTA POR TI. ZEU ZAUDE JOKOAN. ZEURE ALDE APUSTU EGIN
 
Jokoaren arriskuez ohartarazteaz gain, gonbit egiten diegu benetan jokoan dagoenaren aldeko apustua egiteko, beren bizitza, etorkizun, lagun, ongizate eta familiaren alde egiteko, azken batean beren aldeko apustua egiteko. Labur esanda, norberaren aldeko apustua egiteko.

KANPAINAREN ELEMENTUAK: alderdi garrantzitsu eta nabarmenok barne biltzen dituen irudi bat eta mezu batzuk aukeratu ditugu:  

  • Gazteak
  • Jokoa eta kirol-apustua
  • Internet

Kanpaina deigarri izan dadin, jokoaren (pokerra) eta kirol-apustuen antzeko estetika eta grafismoak hautatu ditugu. Hori dela eta, dei-mezuak, kontrasteak eta distirak ikus ditzakegu.
 
Halaber, hondo ilun bat aukeratu dugu grafikaren elementu garrantzitsu hauexek nabarmentze aldera:

  1. Mezuak hobeto irakurtzen dira.
  2. Pantailan bertan jokoa ikusten da. 
  3. Azkenik, gure protagonistaren aurpegia; hots: gazte batena, neska eta mutil batena, sexu batean ardaztu gabea.

Kanpaina ez da elebiduna, bi irudi desberdin, bata euskaraz eta bestea erdaraz, baititu. Era horretara, mezuak ez du indarrik galduko eta hizkuntza batean zein bestean zuzena bezain argia izango da.
 
Kanpaina kalean (tabernak, gazteen lonjak, osasun-zentroak, kirolguneak) eta sare sozialetan jarriko dugu abian egunotan. Gero, Gabonetako jaiak igaro ondoren toki gehiagotan ikusiko da, besteak beste, garraiobide publikoan, zineetan, institutuetan eta kirolguneetan. 

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00