Albisteak

 

Aspaldion gaude oharturik oso komenigarri dela Bigarren Hezkuntzako lehen mailan programa bat prestatzea gizarte-trebetasunak lantze aldera, hartzaileak ikastetxe berrira iristen diren nerabeak izanik.

Alta, lehen mailatik bigarrenera igarota, lurrikara emozional moduko bat bizi dute ikasleek. Hau da, ikastetxe berri bat, lagun berriak, ikasteko dinamika berriak baita erantzukizun, itxaropen eta zalantza gehiago ere. Labur esanda, aldaketa-aroa dute, gorputz-aldaketa askokoa, hain zuzen ere. Denek, ordea, ez dute berdin onartzen. Horiek guztiak bizitzako aldaketak dira, eskola-bizikidetzan ere eragina dutenak. Horren karietara, beharrezko ikusten genuen haien bizitza akademiko eta pertsonalarekin, hots; mundu berri bezain zalantzazkoarekin, lehen hartuemana, ukia, egiteko beharra.

Gogoeta horiek guztiak behin eginda, hezurmamitu egin dugu ikasturte honetan eta modu esperimentalean gure programa hau: Ukiak.

Portugaleteko Udalaren VI. Drogo-Mendekotasun Planak arestian komentatukoaren gaur egungo errealitatea ere barne biltzen du. Bada, aukerak ematen dizkigu pertsonen aldeko apustua egiteko eta ez, ordea, tamaina berean, substantzien edota drogen aldekoa. Beraz, erakunde gisara gure eginkizuna zera da: pertsonei laguntzea trebetasunak eskuratzen. Hori horrela, informaturik egongo dira eta gizarte-trebetasun handiagoak edukita aurre egin ahalko diete egunean-egunean dituzten arazoei, drogei edota beste arrisku-egoera batzuei ere. Tresna edo trebetasun horiek guztiak gizarte-trebetasunak ditugu gure programan.

Nerabeak gizarte-trebetasun onik badu gizarte-mailan komunikazioan nahiz autokontrol emozionalean trebeagoa izango da. Ondorioz, autoestimu hobea izango du; bere parekoekiko zein erreferentziazko pertsonekin (gurasoak, senideak, irakasleak eta abar) harreman errazak izango dituzte.

Gizarte-trebetasunak elkarrekintza sozialeko egoeretan ditugun jokamolde efikazak dira, alegia, pertsonekin nahiz ingurunearekin egokiro erlazionatzeko artea. Hori guztia, jardunean, besteek kutsatuta, besteei begiratuz edo beste pertsona batzuekiko hartu-emanetan ikasten da.

Nerabezaroa esperimentatzearen aroa da, hau da, kontatzeko zain ez egotearena. Horren ondorioz, arrisku-jokaera batzuk ager daitezke. Horregatik, bigarren hezkuntzako lehen mailako ikasleak ohartarazi behar ditugu jokaera horiek guztiak hor daudela.

Honenbestez, treba ditzagun gazte horiek guztiak gizarte-trebetasun horietan hori mugarri izan baitaiteke arazotan sartzeko edo ez.

Ukiak programaren sorburua da Udalaren Droga-Mendekotasun Sailak herriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei aurkezten dizkien programak berritu eta egokitu beharra.

Nola egiten dugu?

Tailerra ikasgeletan bertan egiten da, iraupena 2 ordukoa delarik. Hezkuntza-lerroaren arabera euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke. Bi profesional gaztek dinamizatzen dute tailerra, uste baitugu horrek laguntzen duela ikasleengana hobeto hurbiltzen eta haiekin konektatzen.

Ikasturtean gizarte-trebetasun asko landu dugu, besteak beste:

  • Erabaki-ahalmena
  • Taldeko presioa
  • Asertibitatea
  • Gatazkak konpontzeko gaitasuna

Proiektua abenduan jarri genuen abian institutuetan. Lau bitartekari gaztek gidatu ditzute tailerrak.

Bost ikastetxetan garatu da programa. DBHko 1. mailako 12 ikasgelak (9 talde euskaraz eta 3 gaztelaniaz) eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. Mailak parte hartu dute. Guztira 263 partehartzaile izan dira, zehazki, 143 mutil eta 120 neska.

Gaineratu beharra dago tailerra egin aurretik eta burutu ondoren ere, ikasle parte-hartzaile guztiek galdetegi bat bete behar dutela. Ebaluazioaren emaitzek erakusten dute Ukiak programak hauexek hobetzen dituela: ikasleen asertibitatea, taldeko presioari aurre egitea eta gatazkak modu onez konpontzeko gaitasuna. Halaber, aditzera ematen dute etorkizunari begira landu beharreko beste gai bat dela gazteen inpultsibitatea erabakiak hartzeko orduan. Azken batean, gazteen garapen integralari begirako bizitzako trebetasunez ari gara.

 Logoa (PDF 761KB)

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00