Albisteak

 

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.

Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;
Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;
Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;
Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;
Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Portugaleteko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.

Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.
Zaintza-lanak guztien ongitzat jotzea bizitzaren jasangarritasunaren eta herritarren ongizatearen mesedetan. Halaber, sistema sozioekonomiko osoaren oinarri den ekonomia erreproduktiboaren ardatz nagusia bada. Horren ildotik, herriko zaintza-lanen errealitatearen analisi bat egitea genero-ikuspegitik bai arlo publikoan bai pribatuan. Berebat, abian hainbat jarduketa egitea, besteak beste, gizartearen aintzatespenari begirakoak, gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzekoak baita Udalaren eskumeneko gizarte-zerbitzuak garatzekoak ere lan-baldintza duinak izan ditzaten.

  • Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra edukitzeko urratsak egitea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.
  • Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzea, haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.
  • Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
  • Kontratazio publikoan berdintasun-klausulak ez ezik beste gizarte-klausula batzuk txertatzeko plan mailakatu bat diseinatzea eta abian jartzea.
  • Indarkeria matxistaren arretarako eta prebentziorako Tokiko Koordinazio Protokoloa garatzea edota eguneratzea.
  • Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
  • Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea.
  • Programak eta ekimenak garatzeko guneak eta bitartekoak bultzatzea helburu dutelarik herriko emakumeen ahalduntzea intersekzionalki emakume nagusiekin, dibertsitate funtzionala duten emakumeekin eta emakume gazteekin. Gazteei zuzenduriko politikei dagokienez, hezkuntza arloko profesionalekin elkarlanean jardutea gazteen heziketa sexu-afektiboan eragina izateko jarduerak antolatzeko. Halaber, haurrek (neskatoek nahiz mutikoek) berdintasun-aukera bera izan dezaten ikasketak aukeratzeko orduan.
  • Berdintasunaren Batzorde Mistoaren barruan lan egiten jarraitzea baita herriko emakumeen elkarteekiko elkarlanean ere berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko xedez.

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Portugaleteko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00