Albisteak

 

Berbalagun egitasmoak, Portugaleteko Udalak, Udal Euskaltegiak eta Xaribari-AEK euskaltegiak osatuak, maitasunezko mezuen lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du aurten. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago (220 orotara) izan direnez, gehienak herriko euskaltegietako ikasleak eta berbalagunak izanik, esan dezakegu orain arteko arrakastatsuena izan dela eta nazioartekoena ere bai, Uruguai eta Argentinatik ere iritsi baitira hiruna mezu Portugaletera.

Lehiaketako arauek eskatzen zuten mezua, 10-25 hitz bitartekoa, Whatsapp bidez bidaltzea.

Euskaltegietako irakasleek, udal teknikariek eta Berbalagun egitasmoaren koordinatzaileak osatu dute epaimahaia, zeinek, mezuen edukia, egokitasuna, zuzentasuna, originaltasuna eta emakume eta gizonen berdintasun printzipioen errespetua aztertu ostean, hautatu baitu mezurik onena.

Horren egilea Estitxu Ibarra Rodríguez suertatu da, Portugaleteko irakaslea. Estitxuren mezuak honela dio:

Maitatzea, maitatua izatea, norabide anitzeko sentimendua.
Irribarreak, emozioa, plazera, zoriontasuna...
une txarrak gainditzen laguntzen diguna. Gure bizitzaren motorra.

Halaber suertatu dira lehiaketako finalistak Hugo Abella, Zulema Agorria, Arantza Astondoa, Kasandra García, Alba Nogales, Idoia Núñez, Sandra Saiz, Manu Sánchez eta Itziar Urraca, esan bezala, herriko euskaltegietako ikasleak, Berbalagun eta Gurasolagun egitasmoetako partehartzaileak eta Ballonti eta Zunzunegui institutuetakoak.

Argazkian Koldo Núñez Portugaleteko Euskara zinegotziak sari bana ematen die Estitxu Ibarra irabazleari (irabazlearentzako saria tableta bat izan da) eta Alba Nogales finalistari.

Maitasunezko mezuen lehiaketa honek bere edizio guztietan eta batez ere aurtengoan izan duen arrakasta ikusita, aurrerantzean ere eskainiko diegu portugaletetarrei, eta gehienbat gaztetxoei, honelako ekimen original eta dibertigarrietan parte hartzeko aukera, euskarazko mikroliteratur sormena eta hizkuntzaren erabilera bultzatzen dugun bitartean.

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00