Albisteak

 

Portugaleteko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideekin eta gomendioekin bat etorriz, Eusko jaurlaritza izanik agintaritza eskuduna jardun protokoloak ezartzeko, atzo erabaki zuen lehenengo prebentzio neurri batzuk hartzea, birusaren hedapena geldiarazi nahian, kontuan hartuta beste birusak baino arinago hedatzen dela eta asmo nagusia izanik larrialdi honek gizakioi ahalik eta kalterik nimiñoena egitea.

Prebentzio neurri horiek zehatz-mehatz azaldu baino lehen, komeni da herritarrei esatea lasai egoteko moduan gaudela eta konfiantza osoa eduki ahal dutela, bide onean gabiltzalakoan.

Herri erakunde guztiok ari gara minutuz minutu koordinaturik eta elkarlanean, hartzen ditugun neurriak benetan prebentziokoak eta eraginkorrak izan daitezen.

Lehenengo eta behin, har ezazue kontuan egoera hau guztiz berria dela guztiontzat. Horregatik gure erantzuna baterakoa izan behar dela, arduratsua eta koordinatua; eta aldi berean, lasaia eta konfiantzazkoa. 

Hala atzo bertan nola gaur goizean hartutako neurri horiek, batez ere Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdiko egoera deklaratu ostean, bat datoz zeharo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako aginduekin. Hortaz gogoratu beharra dago sail horrexek dituela ezagutza eta langile egokiak salbuespenezko egoera honi aurre egiteko. Gutariko inor ez da aditua honetan; beraz, konfiantza osoa eduki behar dugu benetako adituekin.

Halaber nabarmendu behar dugu, neurri horiek guztiak eraginkorrak izango badira, ezinbestekoa da herritarren elkarlana eta inplikazioa.

Higiene arauak eta gomendioak zorrotz-zorrotz bete behar ditugu geure familia eta gizarte bizimoduan, horrelaxe bakarrik zainduko baititugu geure burua, ingurukoak eta, batez ere, kolektibo zaurgarrienak.

Neurri horiek guztiak, momentuz behintzat, martxoaren 29ra arte, hau ere barne, egongo dira indarrean. Dena dela, hala egun hori nola neurriak berak aldatu eta zabalagotu ahal izango ditugu. Hala eginez gero, unean unean emango genuke horren gaineko informazioa.

Hezkuntza eremuan

Hauexek daude itxita: Udalaren Musika Eskola, Udal Euskaltegia, Txikitxu Haurtzaindegia, helduentzako zentroa, Lanbide-Hastapeneko Ikastegia,  Kazetagunea, liburutegiko ikasgela, Gazte Gela, Zubi Alde eta Pando Aisia.

Gizarte eremuan

Gizarte-etxeetan Edadeko programaren barruko jarduera ludiko guztiak bertan behera utzi ditugu. Gizarte-etxeetako kafetegiak ere itxi ditugu. San Roke gizarte-etxeko jantokia baino ez da zabalik egongo. Lehen mailako beharrizaneko artatze-zerbitzuek ere bere horretan jarraituko dute.

Kultura eremuan

Rialia Museoa eta Salazar Dorrea irekita egongo dira. Aitzitik, Museoen Hilabetea dela kausa aurreikusitako bisitaldi gidatuak, taldekoak eta jarduerak bertan behera utzi ditugu.

Berebat, hala udal eraikinetan nola beste toki batzuetan aurreikusitako taldeko kultura-jarduera guztiak bertan behera utzi edo atzeratu egin dira; hau da, Zubi Aldeko txitxarriloak, Udalaren Musika Bandaren kontzertuak, Musika-Elkarteen Topaketak eta abar.

Santa Klara kulturtegia irekita egongo da, haren jarduera murriztuta, ordea. Horren ondorioz, Udalak edo beste edozein elkartek bertan  antolatutako jarduera sozial eta kultural guztiak (ikastaroak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, haurren tailerrak, helduen tailerrak, antzerki emanaldiak, entzunaldiak eta abar) bertan behera geratu dira.

Udal Liburutegia irekita egongo da, baina mailegu zerbitzua baino ez du emango.

Kirol eremuan

Honako kirol instalazio hauek geratuko dira itxita gaurko 16:00etatik aurrera: Pando Aisia, Zubi Alde, Los Llanos eta Rivas futbol zelaiak, Los Llanos pilotalekua eta Txurruka kaiko igerilekuak. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu eskola-kirola eta klubetako entrenamenduak. Taldeko kirol jarduera guztiak bertan behera utzi ditugu. Dena dela, irekita dauden instalazioetako garbiketa-zerbitzuak berrindartzen ari dira eta bai kirol-aparailuetan bai instalazioetan desinfektatzaile berariazkoak erabiltzen ari dira garbiketa sakonagoa egite aldera.

Oharra: kirol ekintzak bertan behera (PDF 101KB)

Gazteria eremuan

Gazte Gela irekita egongo da, baina taldeko jarduerak bertan behera geratu dira. Ikasgela itxita egongo da.

Berebat gazteen lonjak aipatu nahi ditugu eta, gainerako zerbitzu publikoetan gertatzen den bezalaxe, erabiltzaileei gomendatzen diegu lonjetan lagun asko ez elkartzea. Areago, gazte horiei guztiei dei egiten diegu arduratsu joka deztaen eta lonjetara joan ez daitezen. Zalantzarik ez daukagu horixe egingo dutela.

BESTELAKO NEURRIAK

  • Ostegun eta larunbateko azoka txikiak ere bertan behera utzi ditugu; Solar plazako baserritarren azoka ere bai.
  • Hiri-altzariak (bankuak, haurren parkeak, arrapala mekanikoetako heldulekuak, hiri-igogailuak, zabor pneumatikoko buzoiak eta abar) desinfektatzailez garbituko ditugu era intentsibo batez.
  • Ezkontzak egiten jarraituko dugu, baina ezkongaiak eta lekuak soilik etorri ahal izango dira.
  • Ordainketak kreditu-txartelaz soilik egingo dira. Eskudiruzko ordainketarik ez da onartuko.
  • Batzorde informatzaileak, gobernu batzordeak eta udalbatzak berrantolatu egingo ditugu, Udalaren jarduera gelditu ez dadin.

Neurri horiek guztiak momentuz 15 egunetan egongo dira indarrean.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako gidalerroei jarraiki hartu dira babes-neurri horiek guztiak. Prebentzio neurriak izanik, hala neurriak nola epeak zabalagotzea, lehen esan dugun bezala,  egoeraren bilakaeraren eta  organo eskudunen gidalerroen  araberakoa izango da.

Gaur-gaurkoz, jakinarazpen edo ohartarazpen ofizialen arabera,  Portugaleten ez dago koronabirus kasu bakar bat ere.

Informazio hau guztia www.portugalete.org udal webgunean egongo da eskuragarri.

Udaletxea zabalik egongo da. Dena den, zerbitzuak gutxienekoak izango dira herritarrei arreta egokia eskaintzeko, betiere Osasun Sailak ezarritako gomendioak eta murrizketak kontuan hartuta eta, horretarako, arreta protokoloak ezarriz.

Udalak hartutako neurriei buruzko informaziorik nahi izanez gero edo zalantza argitu nahi izanez gero, herritarrek udaletxera edo informazioa behar duten zentro jakinetara deitu ahalko dute. Harremanetarako datu guztiak www.portugalete.org udal webgunean daude eskuragarri.

Azkenik, eta laburpen gisara gomendatu nahi dugu higiene-neurri guztiak areagotzea, (Nola garbitu eskuak (PDF 119KB), toki jendetsu eta itxietara ez joatea eta, ahal den neurrian, gure gizarte-bizimodua murriztea.

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00