Albisteak

 

Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK proiektuan hilabeteetan gogor lan egin ondoren, Portugaleteko Udalak dagoeneko webgune berria dauka.

Plataforma modernoa sortu da, intuiziozkoagoa, erabilgarriagoa eta eduki berriekin. Helburua gure herriko egoera argi eskaintzea da, eta baita udal zerbitzuen, enpresa eta kultura eskaintzaren, eta, azken finean, Portugaleteri buruz interesgarria izan daitekeen guztiaren berri ematea ere.

www.portugalete.org helbidean ikusi daitekeen webgune hau lau ataletan banatuta dago eta gure udalerriaren informazio osoa biltzen du. Bertan nabarmentzekoak dira, Udalari eta bere zerbitzuei buruzko informazioa.

Goiburu nagusiak atal hauek ditu: Udala, Bizi Portugaleten, Ezagutu Portugalete eta Gardentasuna. Webguneko atal nagusiak begiratu batean ikusteko aukera eskaintzen du, eta, horien barruan, informazioa modu argiagoan antolatu da; zenbait kasutan, informazio gehiago jarri da, Udalaren gardentasuna hobetzeko asmoz.

Halaber, Portugaleteko Udalak Portugalete Zabaltzen plataforma abiarazi du, Udala herritarrengana hurbiltzeko. Bertan, Portugaleteko bizilagunek herriari buruzko albiste gaurkotuak aurki ditzakete, eta udalerriko kudeaketan modu aktiboan parte hartu ahal izango dute, interes handieneko udal informazioa kontsultatzeaz gain.

Portugalete Zabaltzen, herritarren parte-hartzea

zabaltzen.portugalete.org gobernu irekiko gune berrian, parte-hartzeari eta gardentasunari buruzko ekintzen gaineko azken berriak ikusteko eta Portugalete Zabaltzen plataforman Udalak egiten dituen inkestak erantzuteko aukera eskaintzen da.

Portugalete Zabaltzen webgunean, gardentasuneko atala dago, eta, bertan, udal kudeaketako datu garrantzitsuenak aurkeztuko ditu Udalak: aurrekontuak, Udalaren osaera, udalbatzetako aktak, araudiak eta beste hainbeste.

Gainera, Portugalete Zabaltzen plataformaren barruan Kalezaindu atala aurki daiteke; hiri-altzarietan izan daitezkeen gorabeheren eta hondatuta dauden, funtzionatzen ez duten edo hobetu daitezkeen beste elementu publikoen berri emateko tresna da.

Portugalete Zabaltzen mugikorrerako App-a

Udalak Portugalete Zabaltzen mugikorrerako aplikazioa jarri du herritarren eskura; horren bitartez, udalerriko azken albisteak irakurtzeko –webgunean argitaratzen diren berberak–, Kalezaindu tresna eskuratzeko eta abisuak berehala jasotzeko aukera izango dute.
Kalezaindu atalari esker, udalerrian matxuraren bat edo akatsen bat ikusiz gero, app horren erabiltzaileek zuzenean eta modu erosoan jakinarazi diezaiokete Udalari. App-ak duen geolokalizazioak gorabeheren gunea kokatzen du, eta gertatutakoaren azalpen labur batekin edota argazki batekin bidaltzen da. Ondoren, Udalak gorabehera horren bilakaeraren berri emango du, erabat konpondu arte.

Bestalde, abisuen edukiak askotarikoak dira: kirol-ekitaldiak, kultura, ikastaroak, jaietako egutegia, larrialdiak, matxurak, eta izena emateko edo eskaerak aurkezteko epeak. Horrela, herritarrek berehala eta erraz jasotzen dute informazioa.

Deskargatu app-a saltokietan, 'Portugalete Zabaltzen' bilatuta.

 

 
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00