• Goiko irudia

Portugalete Uri Urena 1322an fundatu zuen, ofizialki, María Díaz de Haro andreak, Logroñoko foruak hiribilduari emandako puebla-karta baten bidez. Puebla-karta hori galdu egin zen urte batzuk geroago, eta berretsi egin zen 1432an, Gaztelako Joan II.aren Berrespen Pribilegioaren bidez; dokumentu hori gaur egun ere badugu.

Portugalete, orduan, eskualdeko lekurik garrantzitsuena zen; izan ere, tamainaz handia izateaz gainera, kokalekua ere, ibaiaren sarreran, itsasontzien eta horien salgaien zirkulazioa kontrolatzeko estrategikoa zen. Hori dela eta, eskualdeko erdigune bilakatu zen, eta bertara joaten ziren inguruko herrietakoak produktuen salerosketarako.

Historia comercial

 

Hiribilduko merkataritzan hiru merkataritza jarduera izan ziren nagusi. Lehenengoa ardoaren salmenta zen. Mahastizaintzako eta ardogintzako guneak Azeta, Abatxolo, Kanpazar eta Peñota ziren, batez ere. Gune horietan uztatzen zen txakolinak zeukan ospe ona dela eta, garai hartako portugaletetarrak Jarrillero izenez ere ezagutzen ziren; gaur egun, izen hori oraindik ere erabiltzen da, Hiribilduko herritarrak identifikatzeko.

Bigarren merkataritza jarduera Lángara anaiek hasi zuten, Portugaletera soldata irabaztera joaten ziren langile meatzarien oinetakoak konpontzeko premia ikusi baitzuten. Urteek aurrera egin ahala, anaia horiek negozioa zabaltzen hasi ziren eta artisau oinetakoak egiten espezializatzen hasi ziren; izan ere, orduan, ez zegoen makinarik jarduera horretarako. Zapata dendek Portugaleten garrantzi handia izan zuten, eta hala erakusten du San Krispin eta Krispiniano kongregazioa eta kofradia sortu izanak, 1795ean.

Azkenik, eta oso garrantzitsua ere bai, Hiribilduko merkatuak daude; horiek ere oso garrantzitsuak izan ziren eskualdean. Besteak beste, txerri azienda saltzeko azoka da nabarmentzekoa, Rantxeria plazan egiten zena, bai eta Roke Deuna azoka ere, abuztuaren bigarren hamabostaldian ikuztegiko belardian egiten zena; Roke Deuna azokan behi eta mando aziendak merkaturatzen zituzten. Azken horrek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen denborak aurrera egin ahala eta, hori dela eta, santuari esker ona erakusteko, Hiribilduak Roke Deuna izendatu zuen herriaren eta jaien zaindari.

Nabarmentzekoa da, halaber, Baserritarren Azoka Erdiko kalean zegoela eta, 1718. urtean, ibaiertzeko Solar plazara mugitu zela; gaur egun, bertan egiten da oraindik, eta inguruko baserritarrak beren fruituak, landareak, barazkiak eta bestelako produktuak saltzera joaten dira.

Urteetako bilakaeraren ondoren, Portugaletek, gaur egun, 2.064 establezimendu ditu eta horietatik 648 saltokiak dira. Hiribilduaren jarduera nagusia arropen txikizkako merkataritza da, gero etxeko artikuluen salmenta eta haragiaren eta haragi produktuen txikizkako salmenta.

Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00