Ekintza bereziak

 

Antzara Party, bi erakusketetarako erabiliko dugu.

Antzara-jokoaren ohiko taula bat da, baina laukitxoek hainbat proba izango dituzte. Probak honakoak izango dira:

  • Tabua: txarteletan agertzen diren hitzak erabili barik, egokitu zaigun hitza asmatu beharko dugu.
  • Mimika: keinuen bidez hitzak interpretatu beharko ditugu.
  • Marrazketa: egokitu zaigun hitza, objektua edo ekintza marraztu beharko dugu.
  • Galderak: bisita gidatuarekin zerikusia dute.

Proba horiei dagozkien laukitxoez gain, taulak antzara-jokoko ohiko laukitxoak izango ditu:

  • Kartzela: hiru txanda dadoa bota barik eta begiraleek ematen dituzten hitzekin abesti bat sortu.
  • Labirintoa: txanda bat dadoa bota barik.
  • Putzua: txanda bat dadoa bota barik eta begiraleek ematen dituzten hitzen batzuk dauzkan istorio bat sortu.
  • Ostatua: txanda bat dadoa bota barik.

Jarduera hau bi erakusketetarako (“Industrializazioa” eta “Arrantzaleak eta itsasadarra”) izango da baliogarria. Erakusketa bakoitzera egokitutako bi taulez baliatuko gara eta eraksketa bakoitzera egokitutako probez ere bai.

Tauletako irudiak gaiarekin bat datoz. Beraz, “Industrializazioa” erakusketarekin batera doan taulan, antzarak labe garaiak dira eta zubiak Bizkaiko Zubia; “Arrantzaleak eta itsasadarra” taulan, berriz, antzarak arrantzaleak izango dira eta zubiak sareak.

Lantegia, “Industrializazioa” erakusketarako

Haurrak taldeetan banatuko ditugu eta, labe garaietan egongo balira bezala mekanoa eta erremintak emango dizkiegu. Gainera, lan-kasko bana ere eskainiko diegu.

Arrantza lehiaketa, “Arrantzaleak eta itsasadarra” erakusketarako

Hasteko, itsasadarrean aurki ditzakegun arrain espezieak azalduko ditugu. Horren ostean, itsasoaren planta duen igerileku bat edukiko dugu hainbat espezietako arrainekin. Arrainek puntu kopuru jakin bana izango dute. Taldeei kanabera bana emango diegu eta aurretik zehaztutako denboran ahalik eta puntu kopuru handiena lortu beharko dute. Arrantza behin amaituta, talde bakoitzak lortutako puntuak zenbatuko ditugu.

Bukatzeko, taldeek lortu dituzten arrainak begiraleei “saldu” beharko dizkiete eta haien ezaugarriak azaldu ere bai.

Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00