Gizateriaren ondarea

 

2006ko uztailaren 13an UNESCOren Mundu Ondare batzordeak Bizkaia Zubia idatzi zuen Mundu Ondasunen zerrendan.

Bizkaia Zubiak are ikusgarriago egiten du itsasadarraren ahoa. Teknika-sormenaren adierazpide paregabea da, erabilgarritasunaren eta irudiaren bat egite egokiaren emaitza. Europako Industria Iraultzako eraikin nabarmenetakoa dugu eta XIX. mende bukaerako ingeniaritzaren lorpen handienetakoa. Tansbordadorea duen lehenengo zubia izan zen mundu osoan eta jardunean dirauten apurretako bat.

Alberto Palaciok diseinatu zuen 1887an eta 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen. Zubiak ederki batzen ditu bere baitan erabilgarritasuna, baliagarritasuna eta ederra, handia eta egunerokotasuna. Bizkaia Zubiak, Zubi Esekia eta Portugaleteko Zubia izenekin ere ezagututa, itsasadarraren alde bien komunikatzeko premia konpondu zuen, ontzien joan-etorria oztopatu barik. Lau dorre dauzka, sareta metalikozkoak, bakoitza 62 metro luze. Dorre horien gainean datza habea, 160 metrokoa.

Gerra zibilean leherketa baten ondorioz suntsitu zen eta 1941ean berregin zuten. Bizkaia Zubia oinezkoen pasabidetik igaro daiteke, hirurogei metroko altueran, goi-goitik panoramika ederraz goza dezagun. Hala eta guztiz, zubia gehienbat sinboloa da, Bizkaiko burdinaren industriari lotutako tradizio luzearen ikurra. Ez dezagun, hortaz, ahaztu, burdina euskal ekonomiaren pizgarria izan zela garaian eta zubia burdinaren ingeniaritza-lana dela. Paregabeko lekukoa ere bada itsasadarraren, herrien eta biztanleen historian.

Kokapena ikusi mapan

    1
    2
    3
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00