Ezagutu gaitzazu

 

Fundazioa baino lehen

Maria Díaz de Haro andreak Portugaleteri herri gutuna eman baino lehen, bazegoen herrixka bat aurretik; baina ez dago argi noiztik. Hainbat hipotesi dabil horren inguruan, baina bat ere ez da ziur-ziurra. Ziurtasun bakarra da, 1904. urtean Evaristo Churruca obra-zuzendari zelarik Abra aldea dragatu zenean, Erromako zazpi txanpon aurkitu zirela.

Agriparen itsasontzi batzuk iritsi omen ziren Nerva (Nerbioi agian) ibaiaren ahoraino eta bertan hondoratu ziren, ekaitzak jota eta hareatzak ere zirela kausa. Txanpon horiek ikusgai daude Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan. Horietako bat Erromako Errepublika garaikoa da; Junoren buru bikoitza dauka aurreko aldean eta ontzi baten branka, berriz, atzekoan.

Beste bi txanponek Trajano enperadorea agertzen dute eta bi aldi desberdinetakoak dira. Beste bik Adriano azaltzen dute eta gainontzekoek, azkenik, Antonio Pio. Horrek berresten du Portugalete erromatar nabigazio eragin aldean zegoela. Hortik abiatuta, ikerlari batzuek esan zuten Ptolomeok bere planoan agertzen zuen Flaviobriga Portugalete zela, Nerva ibaiaren ahoan baitago, eta Nerva Nerbioi ibaia izango litzatekeela. Baina Portugalete Flaviobriga edo Portus Amanus izan balitz, askoz aztarna gehiago aurkituko ziren. Horregatik Flaviobriga eguneko Castro Urdiales dela uste da. Plinio eta Ptolomeo historiagile erromatarren arabera, Portugaleteko aurreneko biztanleak barrualdeko Enkarterrietako andre-gizonak izan ziren, eta Autrigoi herriaren ondorengoak.

Fundazioa

Maria Díaz de Haro andreak fundatu zuen hiria 1322an. Aurrean ere, mende batzuk lehenago, itsas langileen herrixka bat zegoen, portu naturalaren babesean bildurik. Mariak sinatutako fundazioaren herri-gutuna urte batzuk geroago galdu egin zen. Gaztelako Joan II.ak Berrespen Pribilegioaren bidez 1432an berretsi zuen gaur egunera ailegatu den agiria.

Bi dokumentu horietan, merkataritzaren eta salgaien garraioaren gaineko onurak ematen , batez ere artilearen eta burdinaren gainekoak, baita arrantzaren gainekoak ere. XIX. mendean, eskualdeko industrializazioak bere ekonomia bultzatu zuen, trenbidearen iritsiera, Zubi Esekia eta Burdin Kaiaren eraikintza indartuta. Burgesia berriak udako bizilekua Portugaleten ezarri zuen, hondartza eta bainuetxeak zirela eta. Jauregitxoak ere eraiki zituzten itsasadar ertzean eta kostaren gainean. XX. mendean Ezkerraldeko erdigune erabakigarria, merkataritzagunea eta aisiagunea izan da Portugaleteko hiria.

Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00