Zer Bisitatu

 

“...facer iglesia para enterramiento e para oir misa e las otras cosas que han menester...”

1322. urtean, Maria Diaz Haroko Bizkaiko Andre Nagusiak hiria fundatu zuenean, agindu zien portugaletetarrei leku egokia bila zezatela Andra Mariaren omenezko eliza egiteko. Herriko lekurik altuena hautatu zuten portugaletetarrek eta tenplu txikia eraiki zuten, xume-xumea, sabaia egurrezkoa zuena. Buruan Andra Mariaren irudi gotiko bat zeukan, gaur egun ere ikusgarri basilikako erretaula nagusiko buruan.

XIV. mendeko zur-lana da, Erdi Aroko espiritualtasunaren jatorrizko lekukoa. Egungo basilika, berriz, XV. mende bukaeran egin zen hareharri landuez. Lanek mendebete iraun zuten ia. Horregatik, eraikina oro har gotikoa izan arren, Errenazimenduko eragina ere badauka, gehienbat atarietan. Kanpoaldean ikusgarri dira arbotanteak, gargolak, atariak eta kanpaindorrea, eliza baino apur bat geroago (1691tik 1741era bitartean) egina. Alboko ataria, zaharrena, Erriberako ataria da. Iparekialdeko haizeak narriatuta ere, sarrerako arkuko erdialdean erakusten du Garita izena, maisu harginarena, alegia. Atari nagusia kanpaindorrearen azpian dago eta hobi batean Mariaren irudia du, aurrean aipatutako zurlan gotikoaren antzekoa.

Barnealdean Errenazimenduko erretaula nagusia aipatuko dugu, aldarearen buruan. Intxaurrondo-egurrezkoa da eta erdiko kalean bakarrik dauka polikromia. Erretaula hori eta Errege Magoen Jaurespena agertzen duena kultur intereseko ondasunak dira eta monumentu kategoria dagokie. Erretaula nagusiaren albo bietan daude pintura gotiko-flamenkoaren erakusgarri eder bi: Triptikoa eta “Andra Mariaren Koroatzea”, “Madariaren Andra Maria” izenaz ezagutua. Alboko nabeetan kaperak daude, herriko senide garrantzizkoenenak: Salazar, Ugarte, Coscojales...

Nabarmentzekoak dira “Atariko Kristo” irudia, zur-lan gotikoa, XV. mendearen bukaerakoa, eta Santiago kaperaren burdin hesia, 1569koa, Bizkaiko zaharrenetako bat. Koruaren aldean organoa dugu, 1903. urtekoa, Henri Didier Frantziako enpresak egina; hala eta guztiz, jardunean dirau gaur egun ere. Arte sakratuaren museoa ere badago basilikan; bertan daude ikusgarri zilargintzako pieza batzuk, jantziak, XVII. mendeko kantu-liburu bat eta pulpituko ahots-itzulkina (soinua hobeto entzuteko kapela), XIX. mendekoa.

Basilika Ordutegia:

  • Ekainaren 15etik Irailaren 15era
  • Astelehenetik larunbatera, 10:30etik 13:15era eta 16:30etik 20:00etara
  • Igandeetan, 10:30etik 13:15era

Kokapena ikusi mapan

Elizaren begiratokia

Basilikatik irteten garela, hurbileko begiratokia aurkituko dugu. Itsasadarraren gaineko ikuspegi zoragarria dela kausa, jende ugari ibiltzen da begiratokian. Argazki ederrak egin ahal izango ditugu, hemendik urrunean Zubi Esekia, Canilla ibiltokia, tren geltoki zaharra (gaur egungo Turismo Bulegoa) eta inguruko udalerriak ikus daitezke

Kokapena ikusi mapan

  • Basílica Santa María
Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00