Zer Bisitatu

 

Gure bisitak Solar plazan jarraitzen du. Atal adierazgarri batzuk aipatu behar ditugu:

Udaletxea

Neoklasikoa da. Atanasio Anduizak egin zuen 1883. urtean. Oinplano errektangeluarra du eta arkupe batzuk etxabean. Neoklasizismoaren soiltasunak kutsu serio eta dotorea ematen dio eraikinari.

Víctor Chávarriren monumentua

Víctor Chávarri Portugaleteko enpresarioa izan zen. “La Vizcaya” lantegia sortu zuen, geroago Bizkaiko Labe Garaiak osatu zituzten fabriketako bat. Monumentuak bi atal ditu: Víctor Chávarriren brontzezko bustoa Carrara marmolezko oinarri baten gainean eta behargin biren irudiak, bata barrenatzailea eta bestea olagizona, Bizkaiko industrializazioaren ordezkari. Hauek ere brontzezkoak dira. Estatua Miquel Blay eskultore katalanak egin zuen 1903an eta, hari esker, urrezko domina jaso zuen Parisko Nazioarteko Erakusketan 1905ean.

Kioskoa

Kioskoa Emiliano Pagazaurtundua arkitektoak egin zuen 1912an. Kioskoaren estiloa eklektikoa da, kutsu mudejar eta klasiko batzuk ere badauzkalarik. Kioskoa topagune ederra da, haren inguruan egiten baitira txitxarrilloak edo dantzaldiak eta, gainera, hamabostean behin Udal Bandaren kontzertuak hartzen baititu. Urte osoan zehar, astearte, ostegun eta larunbat guztietan, kiosko inguruan, Solar plaza haize zabaleko azoka bihurtzen da, “Baserritarren azoka” deritzona egiten baita bertan; han, loreak, landareak eta baratzeko produktuak erosteko aukera izango dugu. Kioskotik Txurruka Kaira abiatuko gara.

Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00