Herritarren Tramiteak

 

Xedea 
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen establezimenduei dirulaguntzak ematea errotuluak euskaraz jar ditzaten.
Diruz lagunduko da, beraz, euskara hutsez idatzitako errotuluen gastuaren % 75, betiere 600 euroko mugapean. Errotulua, berriz, bi hizkuntza ofizialetan idatziz gero, gastuaren % 60ko dirulaguntza emango da, betiere 400 euroko mugapean.
 
Onuradunak eta kanpo daudenak 
Onuradunak izan daitezke Portugaleten kokatuta dauden merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen establezimenduak, errotulua deialdiaren urtean edo aurrekoan instalatu badute eta aurrekoetan dirulaguntza hauen onuradunak izan ez badira. 
Errotulua diogunean hauxe hartzen dugu kontuan: batetik, lokalaren kanpoaldean jarritakoa eta, halaber, toldoetan eta ibilgailu komertzialetan jarritakoa; eta bestetik, eraikinen bebarruetako direktorioetan kokatutakoak, jardueraren solairua eta ate zenbakia adierazten dituztela. 
Dirulaguntza hauen aplikazio eremutik kanpo daude helburua euskara normalizatzea duten entitateak (euskara elkarteak, euskaltegiak, ikastolak...), herri entitateak, banketxe eta aurrezki kutxak eta 300 m2-tik gorako eremua duten establezimenduak.

Eskakizunak eta betebeharrak
 
3.1.- Errotuluaren testuari dagokionez:
a) Errotuluko testuak zuzen idatzita egon beharko du. Honetaz Udalaren Euskara Zerbitzuak aholkua eskainiko die hala eskatzen dutenei.
b) Establezimenduaren jarduerak (taberna, okindegia, arropa-denda...) derrigor agertu behar du errotuluan; adibidez: “Peio arrandegia”, “Anatxu taberna”. Ez dira diruz lagunduko izen propioak, toponimoa edota abizenak, soilik agertzen dituzten errotuluak.

3.2.- Eskatzaileei dagokienez:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Nagusiko 13.2 ataleko suposamenduetan.
b) Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztaketa guztiak onartzea, aipatutako Legeko 14.1.c atalarekin bat etorriz.
c) Helburu berbera duen beste diru-lagutza batzuen berri ematea, aipatutako Legeko 14.1.d atalarekin bat etorriz.
d) Administrazioarekiko zorrik ez edukitzea. Portugaleteko Udalarekiko zorrik ez izatea ofizioz egiaztatuko da. Gainontzeko Herri Administrazioekiko zorrik ez izatea, berriz, zinpeko aitorpen batean (4. eranskina) adieraziko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa 
a) Dirulaguntzaren eskabidea (1. eranskina) behar bezala beteta.
b) Erakunde eskatzailearen arduradunaren edo ordezkariaren NANren fotokopia
c) Egindako gastuen jatorrizko faktura, deialdiaren urte berekoa edo aurreko urtekoa, edo horren fotokopia konpultsatua.
d) Errotulua jarrita dagoela frogatzen duen argazkia; errotulu bat baino gehiago denean, argazki bana aurkeztu behar da. Argazkirik ezean, horren proiektua ere aurkeztu ahal izango da.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Nagusiko 13.2 ataleko suposamenduetan ez dagoelako ardurazko aitorpena (2. eranskina).
f) “Datuen alta edo aldaketa” izeneko dokumentua (3. eranskina), behar bezala beteta.
g) Helburu berbera duen beste dirulagutza batzuei buruzko eta Administrazioarekiko zorrei buruzko zinpeko aitorpena (4. eranskina).

Eskatzeko epeak eta tokiak 
Dirulaguntza hauek eskatzeko epea behin urteko deialdia onetsita zabalduko da, deialdiak ezartzen duen egunera arte. Epea urrian itxi ohi da.
Dirulaguntzen eskaerak eta eskatutako agiriak udaletxeko Erregistrora (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara) ekarriko dira edo San Roke plazako Herritarren Arretarako Bulegora (astelehenetik ostiralera 14:30etik 20:15era eta larunbatetan 9:00etatik 13:45era).
Dirulaguntzak eskaera egin ahala ebatziko dira, aurrekontua agortu arte.

Dirulaguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna 
Errotulua euskaraz soilik idatziz gero, gastuaren % 75eko dirulaguntza emango da, betiere 600 euroko mugapean.
Errotulua, berriz, bi hizkuntza ofizialetan idatziz gero, gastuaren % 60ko dirulaguntza emango da, betiere 400 euroko mugapean.
Dirulaguntza hauek beste batzuekin bateragarri izango dira, baldin eta guztien batuketa diruz lagundu daitekeen gostearen % 100 baino gehiagokoa ez bada. 

Aurrekontuko zuzkidura
Dirulaguntza hauek emateko deialdiak jasoko duen zenbatekoa erabiliko da. Azken urteotan zenbateko hori 2.200 eurokoa izan ohi da urtean.

Argibide gehiago

  • Euskarazko errotuluak instalatzeko dirulaguntzen araudia. Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 131. zenbakia, 2018ko uztailaren 9koa.
  • Euskarazko errotuluak instalatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia. Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 70. zenbakia, 2019ko apirilaren 10ekoa.

Eskabidea (PDF 82,7KB)

Zinpeko aitorpena (PDF 87,9KB)

Ardurazko aitorpena (PDF 81,7KB)

Datuen alta edo aldaketa (PDF 107KB)

Portugaleteko Udala
Solar Plaza, z/g - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 472 92 00